XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Konprenitzen zuen, oso garbi, azken probaren aurrean zegoela; segidako egunek adieraziko zutela urte guzti haietako ahaleginaren arrakasta ala ezereza.

Annam mendietako lurra urria zen bere emaitzetan, eta iduri zuen bakarrik baso itxia edo arkaitza zekiela ematen; ez baitzuen han lore edo fruiturik ikusi ahal.

Hau leku abrea! esan zuen mertzenario zaharrak utzi berria zuten harana gogoratuz.

Tigreentzako ona, erantzun zion bere kide batek.

Eguerdi aldera bidexidor bat aurkitu zuten, eta Wei Lie Deshangek, izkutatzeko leku bat bilatuz, han gelditzeko agindu zien.

Lehenago edo geroago, annamitaren bat pasako zela handik.

Eta zai gelditu ziren denak.

Ez zuten asko itxaron behar izan, zeren bidexidor hura oso hurbil baitzegoen ehiztari baten etxolatik.

Bere arku eta dardak bizkarrean zituela ikusi zuten inguratzen.

Parean jarri zitzaienean, ezpatak altxa eta lurrera bota zuten hamar mertzenarioen artean.

Hil hadi orain! egin zioten oihu.

Ordea, Wei Lie Deshangen esanei jarraituz, ez zuten ezpatarik erabili.

Horren ordez, narkotiko bat eman zioten usaitzera, eta lo utzi zuten.

Haranera itzuli zirenean, eta Wei Lie Deshangek agindutakoaren arabera beti, arrosategi batez mugaturiko erreka ttiki baten ondoan etzan zuten annamitar bahitu berria.

Ordurako arrats betea zen, eta urdin desberdinetako kristale pusketaz osatua zirudien zeruak.

Iparretik etorritako haizea loreen petaloekin jostatzen zen.

Wei Lie Deshang eta mertzenario zaharra palazio nagusiko leihoan jarri ziren, haren loa zaintzera.

Erabat ilundu baino lehen etorri zitzaion konortea annamitarrari.